– Zuen ama ez dago gaixo.
Ixilik gelditu dira hiru seme-alabak.
– Nola ezetz, baina? Gauzak ahazten zaizkio… Alzheimerra du.
Buruaz ezetz egin du medikuak.
– Ez, ez du Alzheimerrik.
Alaba zaharrena ausartu da.
– Eta orduan?
Medikuak ziurtasunez erantzun dio:
– Itxurak egiten ditu.
Semeak ezin du sinetsi.
– Itxurak?
Medikuak lasaitasunez erantzun du berriz:
– Bai, itxurak.
Alaba gazteenaren ahotsa hari fin baten gisa entzun da medikuaren bulegoan:
– Baina zergatik?
Horretarako ez du erantzunik medikuak. Eta sorbaldak jaso ditu.
Ama burua galtzen hasi zenean, hiru seme-alabak elkartu egin ziren. Alaba zaharrenak deitu zituen beste biak bilerara. Esan zuen bera ez zegoela prest zaharrena izateagatik eta alaba izateagatik burua galtzen ari zen eta geroz eta lan eskerga gehiago eskatzen zuen ama baten kargu egiteko.
Semeak oso lanpetua zegoela esan zuen. Nahikoa lan bazuela unibertsitateko irakasle lanetan. Ikerketak eta nazioarteko aldizkarietan artikuluak argitaratzeak bere bizitzaren %94,42a okupatzen zuten. Gelditzen zitzaion bizitza zati gutxi hura (%5,48 hura), emaztea, semea eta zaletasunekin partekatu nahi zuen. Burua galtzen hasi zen ama bat zaintzeko denbora gutxi zuen, beraz.
Alaba gazteenak esan zuen berak ez zuela ez bikoterik, ez seme-alabarik, ezta bizitzaren %94,42a lapurtzen zion lanik, baina aukeratu egin zuela haiek guztiak ez izatea beste mila kontutan buru-belarri sartzeko eta bizitza berak erabaki bezala bizitzeko eta berak erabakitako gauzez betetzeko, eta bera ere ez zegoela prest, gazteena eta alaba izateagatik, amaren kargu egiteko.
Beraz, adostu zuten ama zaharren egoitza batean ingresatuko zutela. Haren alargun pentsioarekin ordaintzeko ailegatzen zen egoitza batean. Eta txandak adostu zituzten: astero senideetako bat izango zen amaren arduradun, bisitan joango zena, medikutara eraman behar bazen eramango zuena, egoitzako kontuak zuzenduko zituena, alargun pentsioa kobratzen jarraitzeko ezinbesteko ziren bizi-ziurtagirien bila joango zena…
Amari goxo-goxo esan zioten egoitza batera eramango zutela bizitzera. Han oso ongi zainduko zutela. Eta lasai egoteko, seme-alabak astero-astero joango zitzaizkiola bisitan. Ez zutela abandonatuko. “Ez nauzue maite”. Esan zuen amak, hotz, sintzeroki. Hiru seme-alabek mesedez eta faborez, halakorik nola pentsa eta esan zezakeen erantzun zioten. Erruz maite zutela. Eta zenbat maite zuten erakusteko asmoz edo, bakoitzak musu bana eman zion. Alaba zaharrenak, kopetan. Semeak, ezkerreko masailean. Alaba gazteenak, eskuinekoan.
– Noiz hasi zineten konturatzen ama burua galtzen hasi zela?
Galdetu du egoitzako zuzendariak, psikologoa ere izan badena ikasketaz.
– Duela lau bat hilabete hasi ginen benetan kezkatzen…
Alaba zaharrenak hartzen du halakoetan, beti, aurrena hitza.
– Baina gero pentsatzen jarrita, aurretik ere hasia zen gauza arraroak egiten…
Alaba gazteenak erantsi du gehigarria.
– Adibidez?
Egoitzako zuzendariak koaderno zuri handi bat du aurrean, eta boligrafoa eskuetan, egoiliar berriari buruz garrantzitsua iruditzen zaion informazioa apuntatzeko. Oraingoz, ez da hasi deus idazten.
– Batzutan sukaldera sartzen zen eta ez zen akordatzen zertara joana zen…
Azaldu du semeak.
– Beno, hori Alzheimerrik izan gabe ere pasatzen da… Burua gauza gehiegitara aldi berean izatearen ajeak dira… Gizakia ez dago programatua bi gauza baino gehiago aldi berean egiteko, zientziak egiazatatu du hori, eta gure gizarteak bi, hiru, eta hamabost gauza aldi berean egitea nahi du.
Egoitzako zuzendariaren psikologo sena bat-batean azaleratu da.
– Egun batetik bestera iraganeko gauzei buruz baino ez zen hasi mintzatzen, orainaldirik edo etorkizunik ez balego bezala…
Alaba zaharrenak emandako informazioa ere ez zaio garrantzitsu iritzi zuzendariari, koadernoak zuri-zuri jarraitzen du eta.
– 94 urte dituzunean normala izan liteke etorkizunari ez begiratzea… Azken finean, askoz gehiago da atzean daramazuna aurretik duzuna baino…
Anai-arrebak isilik gelditu dira. Egoitzako zuzendariak ez du apunterik hartu koadernoan.
Egoitzako zuzendariak aurrean jarri zizkien paperak sinatu zituzten txintik esan gabe. Amaren kontu korrontearen zenbakia idatzi zuen semeak bertan, alargun-pentsioa jaso orduko egoitzak kobra zezan. Onartu zituzten –irakurri gabe- egoitzako arauak, egoiliarrek bete behar zituztenak eta senitartekoek euren gain hartzen zituzten ardurak eta betebeharrak.
Egoitzako arauen arabera, egoiliarrek zenbait ekintzatan parte hartu behar zuten egunean zehar, euren gaitasunen neurrian, noski. Ariketa fisikoa egiteko gai zirenek mantenurako gimnasia saioak zituzten, esaterako. Elkar laguntzeko saioak ere bazeuden, egoera fisiko eta psikiko hobean zeuden egoiliarrek eurak baino okerrago zeudenei laguntzen zieten eguneroko bizitzako gauza ttikiak egiten. Ikastaroak ere baziren: eskulanak, pintura, joste-tailerrak eta gimnasia mentala deitzen zenaren zenbait aldaera ere bai; irakurketak, logika saioak, sudoku eta hitz-gurutzatuen tailerrak… Batzuetan, egoiliarrek eurek aukeratzen zuten zertan parte hartu nahi zuten. Beste batzuetan, senideak ziren aukeraketa egiten zutenak. Malgosiaren kasuan ere, seme-alabak izan ziren amak egoitzan egin behar zituenak erabaki zutenak –haren buruaren gaitasunean fedea galduta-. Puntua egitera apuntatu zuten –beti izan zen abila josten, eta gustura aritzen zen hartan- eta burua gehiago ez zezan gal, ariketa mentalen eskoletan ere eman zuten amaren izena.
Senitartekoek euren gain hartzen zuten, besteak beste, egoiliarrek egunerokoan egin beharreko ekintzetarako beharrezko zuten guztia –materiala, arropa…- eramatea. Erosketa horiek ere asteko arduradunaren egitekoak izango zirela erabaki zuten Malgosiaren seme-alabek. Alabak ez zeuden prest, inolaz ere, emakume izateagatik zaintza lanen ardura handiena euren gain hartzeko. Semea, berriz, ordura arte bere arloa izan ez arren, gizarte-ongizate arloan espezializatutako aldizkari unibertsitarioren batean kolaboratzen has zitekeela pentsatzen hasi zen, lehenengo eskutik Alzheimerdun ama baten seme-doktorea izanik.
– Zergatik uste duzue zuen amak burua galdu duela?
Ariketa mentalen saioetako dinamizatzailearen galdera izan zen.
– Ikusten gaituen bakoitzean duela asko ahaztutako trapu zikinak ateratzen
ditu, etengabe…
Ahots nekatuz erantzun zuen alaba zaharrenak.
– Hobekuntzarik igarri diozue ariketak egiten dituenetik?
Jakin nahi izan zuen dinamizatzaileak.
– Ez.
Motz eta argi erantzun zuen alaba gazteenak.
– Ez?
Zer nahi ote zuen entzun ariketa mentalen saioetako dinamizatzaileak?
– Okerrera doa, egunetik egunera, pixkanaka-pixkanaka, baina beti okerrera…
Zehaztapena egin zuen semeak.
– Hori normala da?
Kezkatuta, dinamizatzaileari aurrea hartu zion alaba zaharrenak. Isilik gelditu zen ariketa mentalen dinamizatzailea.
– Hori normala da?
Errepikatu zuen ahizparen galdera alaba gazteak.
– Normala litzateke benetan Alzheimerra balu. Baina zuen amak ez du Alzheimerrik… Itxurak egiten ditu zuen aurrean.
Ariketa mentaleko saioak eskas gelditzen zitzaizkion Malgosiari. Neuronak ez zituen oraindik hautsez estaliak. Eta irakasleak bestelako “ariketak” ematen zizkion egiteko: dinamizatzailearen beraren alabak bigarren hezkuntza hasi berritan matematikako eskolan egiten zituen zatiketak, biderketak eta trigonometriako ariketak; igandetako edozein egunkari eta aldizkaritako hitz-gurutzatuak, sudokuak, letra-zopak… Eta Malgosiak inongo arazorik gabe ebazten zituen guztiak.
Emakumearekin elkarrizketa normal-normalak izaten zituen dinamizatzaileak. Emakume hark ez zuen buruko gaitzik. Edozein gairi buruz hitz egiteko gaitasun izugarria zuen. Ongi –eta asko- oroitzen zen garai bateko kontuez. Hiztun ona zen. Izan politika. Izan kultura. Izan nazioartea. Izan ekonomia. Izan historia.
Ariketa mentalen dinamizatzailearen ikasle faboritoa bihurtu zen beti zuriz jantzita –bere ileekin primeran ezkonduz- jantzita agertzen zen emakume argal hura. Pianista hatz luze-luze horiekin –behin ere pianorik ukitu ez bazuten ere-. Zimurrek infinitoraino edertutako aurpegi harekin.
– Ama, medikuak esan digu ez duzula Alzheimerrik.
Alaba zaharrenak atera du gaia hirurak batera bisitan joan zaizkion egun arraro horietako batean.
– Itsusia zara. Beti izan zara. Jaio zinenean izutu egin nintzen. Eta esan nuen, “hau ume itsusia!”. Baina hamar hatzak eta hamar behatzak zenituen, bi belarri eta sugur bat, eta amak esan zidan jaioberri denak direla itsusiak. Gero politagotzen direla. Baina zu ez. Zu ez zinen inoiz politagotu. Urtetan eskatu zenion panpina bat Izarrari. Nik erabat argi nuen ez nuela dolarrik gastatuko zuk panpina bat izan zenezan. Nik ere ez nuen bakar bat izan. Aitak Gabon batzuetarako bat egin zizun. Abenduaren 24 gauez opariak ekartzen zituzten aingerurik eta izarrik ez zela esisitzen jakin zenuen urtean. Zortzi urte zeneuzkan. Desilusioa pixka bat arintzeko. Eta nik eskuz egindako panpina ikusi nuenean, armairuan gorde nuen. Oraindik han egongo da, kaxatik atera gabe. Nahi baduzu, joan eta hartu. Agian oraindik ilusioa egiten dizu panpina bat edukitzeak. Zure seme-alabak gorroto izan ditut jaio ziren momentutik bertatik. Ez dute edukaziorik. Ez duzu jakin seme-alabak hezten. Gure etxera ekartzen zenituenean, nik zaindu nitzan, klaustrofobia sentitzen nuen. Zertarako izan zenituen seme-alabak? Nik zaindu nitzan? Nik nire seme-alabak zaindu nituen, urtetan gainera, inori lanik eman gabe. Umeak ez dira gaurko bai, eta biharko ez. Zuk hala uste izan baduzu ere… Lehenengo haurra izan zenuenean, hilabeterako etorri zinen etxera. Ez dizut inoiz barkatu hori. Gauero bi ordutik behin esnarazten gintuzten haurraren marruek. Amaberri izana baino, gaixo kroniko bat bazina legez portatu zinen. Nazkagarria izan zen.
Semeak hartu zuen hitza segidan, arreba zaharrenari aurpegiratzen ari zitzaion erretolika hura mozten saiatuz.
– Ama, zuzendariak esan digu ez duzula Alzheimerrik.
– Eta zu… zu ez zara inoiz izan inteligentea. Nahiz eta denek hala uste izan duten. Beti eskolako lehena… Unibertsitatera iritsi zen familiako lehena… Sinestarazi zizuten bizkorra zinela. Baina ez. Nik betidanik jakin izan dut ezetz. Kosta egin zaizu bizitza honetan dena ikastea. Oinez eta hitz egiten ikastea bera kosta zitzaizun. Ume erdi-tontoa nuelako kezkatzen hasi nintzenean hasi zinen oinez eta lehenengo hitzak esaten. Zure arrebak esan zituen lehenengo hitzak baino askoz ulergaitzagoak. Zure arrebak eman zituen lehenengo pausoak baino askoz baldarragoak. Denek txalo egin dizute bizitza honetan. Baina ez zara txalogarria izan. Bizitza honetan, edo balio duzu edo ez duzu balio. Inteligentea zara edo ez zara inteligentea. Eta kito. Ez dago buelta gehiagorik. Badakit eskolan eta unibertsitatean besteren azterketak kopiatuta ateratzen zenituela horren nota onak. Badakit aitak ematen zizun eskupekoa gordetzen zenuela ikaskideei zure lanak egitea ordaintzeko. Akordatzen zara barraskiloek jan zuten zure doktoretzako proiektuko txosten hartaz? Nik utzi nuen baratzean. Propio. Horregatik topatu nuen nik neronek, “desagertu” eta hiru astera. Banekielako non utzi nuen. Zergatik uste duzu bada izan zela? Eta zuk uste zenuen arreba gazteak galdu zuela nonbait, ikasle imajinarioekin irakasletara jolasten hasita. Munduan ziren gauza guztien gainean zin egin zizun berak ez zuela txosten hura eskuetan izan. Eta orduan, arreba zaharrenari aurpegiratu zenion txostena “lapurtu” izana, bekaizkeria hutsagatik. Baina ez, ni izan nintzen. Banekien ez zitzaizula gustatzen otorduak bakarrik egitea, mahaiko bakardadea, isilik mastekatzea. Horregatik, unibertsitatean ikasten ari zinen urte guztietan, zu klasetik iritsi baino ordubete lehenago bazkaltzen genuen etxean. Eta gero, ama edo ahizpak bisitatzera joaten nintzen. Egunero. Astelehenetan, ama. Asteartetan, Ramona. Asteazkenetan, Lidia. Ostegunetan, Kamila. Ostiraletan Michalina. Nire ama hil zen egunean azterketara aurkeztu zinen. Suspenditu egin zenuen. Ongi merezita. Normalean kandelak pizten genituen zuk azterketak gainditu zenitzan, inteligentzia falta santuek lagundu zezaten. Egun hartan, kandelak piztu nituenean ez gainditzeko eskatu nuen, arren, otoi eta amen. Batzuetan jainkoak esistitzen direla pentsatzen dut.
Alaba gazteenak, bere txanda zetorrelako izuturik, eten zuen ama.
– Ama, ariketa mentaleko saioetako dinamizatzaileak esan digu ez duzula Alzheimerrik…
– Inoiz ez zaitut maite izan. Inoiz ez zure senideei bezala. Nik ez nuen nahi hirugarren haurrik. Zergatik uste duzu zuen adin diferentzia horrenbestekoa duzuela? Ordura arte ongi xamar kontrolatu nuen ez haurdun gelditzea eta gutxiena uste alaba bat, edo beste seme bat, aurrekoak adina maitatzea. Lehenengoa balitz bezala. Ezin da. Naturaren legea da. Katu bat, txakur bat, zaldi bat… etxera nuenean, menopausiak izan behar zuenean, huts egin nuen. Zergatik maite behar zintudan? Banituen dagoeneko alaba bat, eta seme bat. Eta ezinezkoa da alaba bat eta seme bat izan ondoren beste zetozen lehenengo katua, txakurra, zaldia baziren maite nitzakeen, lehenengoak balira bezala. Baina beste alaba bat, ez. Bizitza guztian perfume flasko bat baino ez dut izan. Zuen aitak oparitu zidan ezkonberritan. Okasio berezietan baino ez nuen erabiltzen. Frix-frix. Hiruzpalau itoti, ez gehiago. Asko iraun behar zuelako perfume flasko hark. Eta zuk, egun batean, potoan zegoen perfume guztia bota zenuen, Beata Tyszkiewicz izatera jolasten ari zinelako. Eta nik ez dut sekula perfume gehiagorik izan. Hamabi urte bete zenituen udan titiak hazi zitzaizkizun. Eta azaroan, lehenego elurtearekin batera, mutil batekin eskutik helduta pasiatzen ikusi zintudan. Michalinarenetik bueltan nentorren etxera. Kalearen beste aldeko espaloitik zindoazen eskutik helduta. Ikusi ninduzun, baina ez ninduzun agurtu. Ezta nik ere. Etxera iritsi zinenean, zure bizitzako lehenengo masailekoa jaso zenuen. Ez nintzen ni masailekoka eta ipurdikoka seme-alabak hazten zituzten horietako bat izan. Baina ulertu zenuen mezua. Titiak hazi zitzaizkizulako ez zinen heldukeriatan hasteko adinean. Ez zaitut gehiago inorekin eskutik helduta pasiatzen ikusi. Ikasi zenuen lezioa. Uste zenuen ez nintzela konturatu etxera mozkortuta iritsi zinen lehenengo gauaz. Entzun nizun nola egiten zenuen goitika ohean. Eta hurrengo egunean, maindireak aldatuta ikusi nituenean, ez nizun ezer esan. Baina gaizki garbitu zenituen. Maindireak zikinak zeuden. Bezperan jan eta edan zenuen guztia usaindu nuen gaizki garbitutako maindire haietan.
Egoitzako zuzendaria, medikua eta ariketa mentalen saioetako dinamizatzailea Malgosiaren ohe ondoan eseri dira, seme-alaben bisitaren biharamunean.
– Malgosia, zergatik sinestarazi nahi diezu seme-alabei Alzheimerrak jota zaudela?
Zuzendariak hartu du hitza.
– Bestela ezingo nizkielako esan bizitza guztian ixildu ditudanak… Pena senarra hil zela…
Eva Rubinstein (Buenos Aires, 1933): Buenos Airesen jaio zen bere aita –pianista- kontzertu biran zebilelako. Guraso poloniarrak zituen. Parisen bizitu ziren II. Mundu Gerran AEBtara joan ziren arte. Naziotasun bikoitza zuen: poloniarra eta estatubatuarra. 50. hamarkadan dantzari eta aktore izan zen. 1967an hasi zen argazkilaritzan serio, fotokazetari gisa, baita lan intimoagoak egiten. Argazkilaritzako irakasle izan da eta bakarkako lau erakusketa jarri ditu. Horietako bat Lodzen (Polonia).