Ez da erraza abeslariaren neskalaguna izatea. Mutil-lagunaren taldearen kontzertu guztietako front rowean egon beharra. Mutil-lagunak egiten duen musika gustatu beharra –berez, kakaputza dela pentsatu arren-. Autoan berarekin zoazen bakoitzean bere taldearen kasetea entzun beharra. Musikazale denak begira dituzula jakitea –begira, begira, hori da abeslariaren neska! Hori??? Guapagoa espero nuen…-
Ongi zekien zer zen abeslariaren neskalaguna izatea Helenak.
Nahigabe bihurtu zen abeslari baten neskalagun.
Berak ez zuen nahi.
Edo behintzat, ez zen bilatzen zuena.
Batzuek maitemintzeko prest dagoena soilik maitemintzen dela esaten dute.
Eta, ziurrenik, egia da.
Helena maitemintzeko prest zegoen.
Hori hala da.
Agian horregatik maitemindu zen abeslari batez.
Maitemintzeko prest zegoenean, parean jarri zitzaiolako.
Jaime ezagutu zuen. Mutilak ezagutzen diren moduan.
Lagun batekin kaña batzuk edatera atera, eta lagunaren lagun batekin topatu ziren.
Lagun hura ere kaña batzuk hartzera atera zen beste lagun batekin. Jaimerekin.
Eta azkenean, laurek kañak edaten bukatu zuten.
Eta Helenak Jaimeren ohean bukatu zuen.
Hurrengo egunean, lagunak zer moduz Jimmyrekin? galdetu zion.
Jimmy? Nor da Jimmy? erantzun zion Helenak.
Eta lagunak barre egin zuen. Atzo oheratu zinen mutila, neska!
A, Jaime?
Bueno, bale, Jaime…
Kañak hartzeko biak bakarrik gelditu ziren egunean –alegia, Helena eta Jaime-, zergatik deitzen zioten Jimmy galdetu zion mutilari.
Nire izen artistikoa da.
Izen artistikoa?
Bai. Musikaria naiz.
Hara.
Eta bere taldearen kontzertu batera gonbidatu zuen. Txuribeltzen jotzen zuten. Grosen.
Ados. Joango zela erantzun zion Helenak.
Norbait berria ezagutzen duzunean –eta berarekin gustura zaudela iruditzen zaizunean, elkarrizketak bata bestearen atzetik erraz josten direnean, elkarri mila gauza kontatzeko eta denbora gutxiegi dagoela iruditzen zaizunean- bestearen afizioetara ere ireki behar izaten baita.
Lagunari deitu zion, ea Jaimeren kontzertura lagunduko ote zion. Eta lagunek, tarteka, amen egiten dute eta bestela sekula, inoiz ez, ezta erotuta, joango ez liratekeen tokietara laguntzen zaituzte.
Kontzertu hartan estralurtar gonbidatu bat balitz bezala begiratu zion guztiari Helenak. Jaime oholtza gainean Jimmy bihurtzen ikusi zuen. Gau hartan ere, berriz Jaimerekin ohean bukatu zuen.
Ea kontzertuan gustura egon zen galdetu zion Jaimek.
Dibertigarria izan zela erantzun zion Helenak.
Eta Jaime/Jimmyren taldearen geroz eta kontzertu gehiagotako ikusle bihurtu zen Helena.
Lagunik gabe joateko gai ere bihurtu zen.
Jimmyren taldearen musikarekin dantza egiten ikasi zuen.
Letrak abesten.
Lehenengo ilaran egoten.
Rockabillyaren jarraitzaileen estilora janzten (tiro altoko Levisak; zapia buruan; zabaltasun askoko soinekoak; zapatila erosoak).
Oklahomaren zaletu handiena zirudien.
Aski zen abeslariaren neskalaguna izatea. Beti izango zen Jimmy oholtza gainean zegoen bitartean konpainia egingo zion baten bat. Tragoak debalde aterako zizkiona.
Baina ez zen hain guai abeslariaren neskalaguna izatea.
Jendea Jimmyren taldearekin erotzen zen kontzertu haietan, berak soilik zuen debekatua kuleroak edo titizorroak kendu eta “¡quiero un hijo tuyo!” oihu egitea abeslariari.
Kasu, hitza hartuko zuen abeslariak, benetan usteko zuen bere seme edo alaba bat ernai nahi duela bederatzi hilabetez bere erraietan (mutil-lagunak kontzertuak emanez, mozkortuz, raiak sartuz… zirauen bitartean) eta gero bizitza osorako lotura –kate- hori nahi zuenik (mutil-lagunak kontzertuak emanez agian ez, baina mozkortuz eta raiak sartuz bai, jarraitzen zuen bitartean).
Lagunek esaten zioten ze bentaja berea, abeslariaren neskalaguna izateagatik debalde mozkortu zitekeelako kontzertuetan.
Baina garagardoa edanez (edo kalimotxoa, baina ez zitzaion gustatzen ardo merkeena koka-kolarekin nahastuta sortzen zen likido hura) mozkortzen zen iluntzeetan (Oklahomak jotzen zuten garitoetan hori zelako debalde sartzen zena edarien menuan), gero oso-oso gaizki egiten zuen lo. Ez zen gai hiru ordu baino gehiago segidan lo egiteko, egarriak esnatzen zen, eta nekatua egonagatik, ezin zuen lorik egin. Horregatik, lagunei esan nahi zien ez zuela debalde gehiago mozkortu nahi, abeslariaren neskalaguna zelako.
Lagunek esaten zioten ze bentaja berea, abeslariaren neskalaguna izateagatik debalde bidaiatzen zuelako Jimmyren taldea kontzertuak ematen zituen tokietara.
Baina Simca 1000 deseroso batean orduak eta orduak egiten zituzten bidaia haietan. Ostiral iluntzean atera, igande eguerdian buelta. Larunbata garito baten barruan pasa (kortesiazko agurrak, soinu frogak, kontzertua, post-kontzertuko parranda). Helenak esan zezakeen han, hemen eta urrunago egona zela. Baina garito zikin haiek baino ez zituen gogoratzen. Hiri eta herrien mapa taberna eta kontzertu-areto gutxi batzuek osatzen zuten Helenaren buruan.
Maitemintzeko prest egon behar den bezala, des-maitemintzeko ere prestutasun minimo bat behar du pertsonak.
Helenari ere iritsi zitzaion des-maitemintzeko prestutasuna. Eta des-maitemintzen hasi zen.
Kontzertuetara ez joaten hasi zen.
Garagardorik ez edaten eta gauetan lo seko egiten.
Jaimek Simca 1000n Oklahomaren kasetea jartzen zuenean aldatzen.
Jaimeren ohea geroz eta gau gutxiagotan okupatzen.
Bidaietara ez joaten.
Eta abeslarien neskalagun ohi guztiek bezala, 80. hamarkadako hasierako urte haiek txuri-beltzean ateratako argazki gisa gogoratzen.
Bera, abeslariaren neska-laguna, erabat argazkitik kanpo zegoen garai bat bezala.
Kameraren botoia zapaltzen zuena balitz bezala, Simca 1000 baten barruan musika maite eta noizbait The Clashekoak izatea amesten zuten lau mutil erretratatzeko.
Oklajomaren ihesa simca mil batean, rockabily talde donostiarra, Eustasio Amilibia kalean, Amara/ Donostia, 1984 © Marivi Ibarrola
Marivi Ibarrola (Najera, 1956): Fotoerreportari hau Donostian hazi zen. 80. hamarkada hasieran, kultura urbanoa argazkitan bildu zuen, tartean, rock radical vasco mugimendu musikala. Yo disparé en los 80 liburua osatu zuen orduan ateratako 89 argazkirekin. Lo juro por los Ramones erakusketa jarri zuen Donostiako Ernest Lluchen. onostian. Egun, Madrilen bizi da.