La grande solitude (Wroclaweko Kanposantu Judu Zaharraren kanpoko hormako graffitia).
(Gutxi argiztatutako eszenan, felpazko abrigo marroi bat jantzita daraman mutil ilehori bat ikusten da, banku batean eserita. Buruaren beheko aldean goikoan baino motzago moztua du ilea, etengabe zapela bat jantzita balu bezala. Oso-oso ilehoria da mutila. Bere familiako kide guztiak, leinua hasi zuten adar guztietatik, beti ilehoriak izan balira bezala. Ilea horia da, betazalak horiak dira, betileak apenas ikusten dira hain direlako horiak, ongi egindako bizarra ere horia da. Betzulo horiak ditu mutilak, lorik egin gabeko gau askoren ondorioz. Kezkatu aurpegia du, izan ere. Ingurune beltz horretan, beste elementu bat ere badago. Emakumezko bat da. Eserita dago hura ere. Gizon ilehoriarengandik prudentziazko distantzia batean dago jesarrita. Elkar ezagutzen dutela igartzen da bien artean dagoen distantzia horregatik, baina elkarrenganako lotura eta konfiantza ez da hainbestekoa. Hori ere adierazten du distantzia horrek. Neska ilunagoa da mutila baino. Ile motza du, flekilloa alde batera orraztua, gaztainkara. Begiak kohl beltzarekin margotuta ditu. Eta ezpainak ere, granate koloreko ezpainetakoz zikinduta. Aldiz, kolore argiko gabardina bat du jantzita. Berak ere kezkatuta dagoela dirudi. Serio dago. Kezkatua baino gehiago, agian, oso pozik ez dagoen norbaiten aurpegikera du.)
ZERGATIK EZ? (Jakub)
Ez dudalako nahi zuganako lotura hori sentitu. Nire urtemuga delako opariren bat egiten badidazu, izan opari materiala edo sentimentala, edo izan te bat hartzera gonbidatze hutsa, konpromiso bat sortzen da elkarren artean. Eta zuk konpromisorik gabeko oparia dela esanagatik ere, badakizu ez dela hala. Nik zure urtemugan, gutxienez balio material edo sentimental bereko zerbait itzuli beharko dizut. Te bat elkarrekin hartzera gonbidatu eta hura ordaintzea bada ere. Eta nik ez dut horrelako konpromisorik nahi. Ez dut oparirik egin behar dizudala, bai ala bai, sentitu nahi. Horregatik, nahiago dut ez badakizu zein egunetan jaio nintzen. Sinplea da. (Apolonia)
(Eskua luzatu du mutil ilehoriak. Neska dagoen alderantz luzatu du. Baina ez du ukitu neskaren gabardina. Beherantz begira dago. Ez zaio aurpegia ikusten ilunpearen erdian dagoen argiztatutako gune horretan, baina imajinatu dezakegu triste dagoela. Hori iradokitzen du, behintzat, eserita dagoen moduak. Ez dio neskari begiratzen. Neskaren alderantz luzatuta daukan eskuan hatzak dantzan ari dira, bankuaren gainean piano baten tekla zuri-beltzak baleude bezala. Ziurrenik doinuren bat jotzen ari dira hatz horiek. Eszenari begiratuta ezin baita jakin, baina mutil ilehori horrek pianoa jotzen baitu. Bien bitartean, neska aurrera begira dago. Esan duenaz ziur. Ez du damurik erakusten bere bisaiak. Ezta zuzen-zuzen eserita dagoen moduak. Eskuak belaunen gainean ditu. Konturatu da mutil ilehoriak beso bat luzatu duela bere aldera, baina ez du imintziorik egin. Lehengo distantzia bera mantentzen jarraitzen du neska ilemotzak. Serio jarraitzen du. Ez dago triste. Ez dago haserre. Serio dago.)
ZERGATIK EZ? (Jakub)
Badakizu ohiturazko animaliak garela gizakiok. Zinemara joaten naizenean, filma emango duten aretoan eseri aurretik komunera joan behar izaten dut. Badakizu ohitura hori dudala. Psikologikoa da, ziur nago, baina bestela pixagurea sentitzen dut. Eta gorroto dut film bat ikusten hasi eta erdian altxatzea, komunera joateko. Beti hirugarren komunera sartzen naiz pixa egitera. Ez badiot nire buruari gogor egiten, oinek beti hirugarren komunera naramate. Eta batzuetan, saiatzen naiz nire buruari esaten, ez Apolonia ez, aldatu komunez. Zinemako komunetan ez da jabetza pribatua esistitzen. Hirugarren komun hori ez da zurea. Beste guztiak bezain zurea da. Eta lehenengo komunean sartzen naiz. Eta papera falta da. Bigarrenean sartzen naiz, bonba bota gabe dago. Laugarrenean sartzen naiz, ontzia zipriztinez bustita dago. Eta, azkenean, hirugarren komunera itzultzen naiz. Han beti dago papera, beti dago bonba botata, beti dago ontzia zipriztinik gabe. Ba zurekin antzeko zerbait pasatzen zait. Inertziak narama zugana, nire oinak zugana doaz ohitura hartu dutelako. Saiatzen naiz beste mutil batzuengana bideratzen oinak, baina bigarren zitarako desagertu egiten dira, edo ez gara ongi moldatzen sexu kontuetan, edo gutxiegi hitz egiten dute, eta orduan, zugana bueltatzen naiz berriz, beti agertzen zarelako zitetara, badakizulako zer gustatzen zaidan ohean, ikasia duzulako neurrian hitz egiten. Baina inertzia da. Ez beste ezer. Ez da aprezioa, ez da sexu gogoa, are gutxiago maitasuna. (Apolonia)
(Mutil ilehoriak hanka eskuina ezkerraren gainean jarri du. Eskuak abrigo marroiko patriketan sartu ditu. Ekarri du berriro bere aldera erantzun bat lehenago neskaren aldera luzatu zuen besoa. Baina orain eskuineko belauna neskarengandik hurbilago dago. Oso hurbil. Ez du neska ukitzen. Baina ukitu nahiko lukeela adierazten du ile horiak nonahi dituen mutilaren gorputzaren posturak. Neskak lehen bezala jarraitzen du: Aurrera begira. Ziurtasuna aurpegian islatua duela. Esaten duena ongi pentsatua duela aurpegian islatua duela. Inongo damurik gabe. Zuzen-zuzen eserita eta eskuak belaunen gainean ezarrita. Konturatu da mutil ilehoriak besoa urrundu duela berarengandik. Eta belauna hurbildu duela. Baina ez du mugitzeko imintziorik egin berak. Eszenaren hasieran zeuden distantzia bera mantendu nahi du neskak. Serio begiratzen du aurrera. Zuzen-zuzen. Kohl beltzez asko margotutako begiei parean dutena axola balitzaie bezala).
ZERGATIK EZ? (Jakub)
Gizaseme baten abizena eraman behar badut, badaramat dagoeneko nire aitarena. Nire aitaren aitarena ere izan zena, eta bere aurretik gure familiako gizaseme guztiek eraman zutena. Ez dut beste gizasemeren izenik ez nahi eta ez behar. Ez naiz inoren jabetzakoa. Berez, ezta aitarena, baina agian barka diezaioket ni sortzeko beharrezkoa zen obulo-espermatozoide nahasketan erdia jarri zuelako. DNAren erdia-edo eman didalako. Horregatik bakarrik onar dezaket bere abizena ez errefusatzea. (Apolonia)
(Mutil ilehoriak neska beltzarana besarkatu nahi du. Poliki saiatu da berarengana hurbiltzen, baina ez du berak nahi bezalako emaitzarik izan oraingoz. Hankak askatu ditu, odola berriz hasi da zirkulatzen ezkerreko hankan. Urduri dago. Eskuak atera ditu gabardina marroiko patriketatik. Hankak dantzan jarri zaizkio, urduritasunarengatik ziurrenik. Neskari begiratzen dio, etengabe, nahiz eta neskaren begi beltzez margotuak ez diren bere begiradarekin gurutzatu orain arte, behin ere ez. Eskuak ere konpultsiboki mugitzen ditu orain mtuil ilehoriak, bat-bateko Parkinsona bere gorputzaz jabetu izan balitz bezala. Ezpainek ere dardara egiten diote –nahiz eta hori ikustea oso zaila den ilunpean dagoen eszenan argiztatua dagoen gune horretara begira dagoen edonorentzat-. Aurpegi zuria are eta zurbilago ageri da neskaren erantzun bakoitzaren ostean, horituta bezala. Eta bat-batean, harrizko gargola bat bezain geldirik egon den neskak burua jiratu du mutilaren aldera, eta bien begiradak gurutzatu dira. Oraingoan, neska izan da gabardinaren patriketan eskuak sartu dituena, ordura arte belaunen gainean zeuden tokitik lehen aldiz mugituz. Neskaren gorputzak, aldiz, ez du urduritasunik adierazten. Are gehiago, lasaitasuna transmititzen dio ilunpeetatik begira dagoen edonori –baldin eta inor eszenari begira baldin badago).
ZERGATIK EZ? (Jakub)
Ez diodalako beldurrik bakardadeari. Ez zaidalako axola hiltzen naizenean nire gorpua lurperatuko duten hobiko hilarrian nire izena soilik agertzea. Total, hilik nagoenean ez dut bakardaderik sentituko. Ez dut inor nire gorpuaren gainean nire hezur bizirik gabekoak zapaltzen behar. Ezta inor nire gorpuaren azpian, harrentzako bazka freskoa bihurtzen naizenean. Betidanik iruditu izan zaizkit absurduak familiako panteoiak. Ez dut nire familiako panteoian ehortz nazaten nahi. Are gutxiago zure familiarenean. (Apolonia)
(Mutil ilehoriak dagoeneko ezin dio gehiago eutsi ezinegonari, neska besarkatzeko duen gogoari. Eta, derrepentean, mugimendu drastiko batekin, neska heldu du gerritik. Burua haren bularraldean pausatu du, kontsolamendu bila dabilen muttiko ttiki bat balitz bezala.)
Ulertzen duzu zergatik ez dudan nahi zurekin ezkondu? (Apolonia)
(Neskak ez du askatu mutilaren besarkada. Baina ez dio heltzen. Eta, pixkanaka-pixkanaka, burua mugitu du, aurrerantz begiratzeko berriz. Kohlez belztutako begiak eta granatez margotutako ezpainak dituen aurpegia urrundu du mutilaren burutik. Jaso –eta are gutxiago eman- nahi ez duen muxuren baten beldur balitz bezala).
BAI. (Jakub)
Lotte Jacobi (Thorn, 1896-New Hampshire, 1990): Argazkilari familia bateko laugarren belaunaldia izan zen. Aitonak eta aitak argazkilaritza-estudioak izan zituzten. Artearekiko lotura ume-umetatik izan zuen: argazkilaritza, dantza eta antzerkiarekin. Berlinen ikasle (eta ama ezkongabe) zela, argazkilaritza modenoaren teknikak ezagutu zituen. Dantza eta antzerki mundua erretratatu zituen sarri. Berlin, New York eta New Hampshire artean bizi izan zen. Thorn gaur egun Polonia bada ere, argazkilari alemaniar kontsideratua dago Lotte Jacobi.