Herrialde hartako telebistaren historia laburreko enegarren lehiaketan parte-hartzaile batek sekula irabaziko zuen diru kopuru handiena irabazteko zorian zegoen. Azkeneko saioa zen, zakuan zuelako telebista kateak saio hartara bideratutako diru guztia. Aurkezleak programa hasi orduko agurtu zituen ikus-entzuleak, ziurtzat emanez lehiakideak berriz irabaziko zuela egun hartako saioa, beteko zuela zakua pixka bat gehiago eta eramango zuela etxera saioko lehiakideentzako destinatutako diru guztia (gero Ogasunak erdia kenduko bazion ere). Lehiakide malapartatu hark lehiaketa-saioa egiten zuen plantila guztia langabeziara zeraman, nahi baino lehenago. Aurkezleak gorroto zuen 43 saio jarraian irabazi zituen mutil hura. Hasieran, haren inteligentzia goraipatzen zuen. Baina gero, nazkatzen hasi zen dena zekien jakintsu-usteko hartaz
-Programa hasteko prest?
– Bai, noski.
Bi lehiakide zeuden. Deialdi publikoa egin zuen telebista kateak garaitezina
zirudien mutil haren kontra lehiatzeko lagunak topatzeko. Batzuk aurkeztu ziren, noski. Esperantza gutxirekin gehienak. Eta banaka-banaka, guztiak joan ziren etxera, esku hutsik. Eta mutilak han jarraitzen zuen, zakua betetzen. 180.000 euroren bueltan zebilen dagoeneko.
Aurreikusi bezala zihoan saioa. Froga guztietan gailentzen zen mutila. Lehiakideak batzutan hurbiltzea lortzen zuen, estualdian jartzea mutila, eta zoriontasuna ez zela ezinezko hitz bat pentsatzen zuen orduan aurkezleak, baina azkenean, beti aurretik jartzen zen mutil madarikatu hura.
Mutilak hogei minutu aski izan zituen lehiakidea baino puntu mordoxka gehiago pilatzeko. “Eskerrik asko parte hartzeagatik, Izaro. Orain, ohi bezala, azkeneko frogara pasatuko gara. Prest, Manex?”. Baietz esan zuen Manexek. Beti zegoen prest. Bost galdera asmatu beharko zituen. Lehendabiziko laurak, erraz asmatu zituen. “Wikipedia zu al zara?” galdetu zion, umorea izan nahi zuen, baina ironia eta nazka zerion doinuz aurkezleak. Barre egin zuen mutilak
– Azkeneko galdera egingo dizut. Asmatzen baduzu, 190.000 euroko botea zurea izango da. Herri ttiki honetako telebistaren historian sekula eman den saririk handiena. Zorte on. Prest? – “eta zure erruz bihar INEMen ilada egin beharko dugu lankideok eta nik”.
– Bai, prest – ziurtasunez hitz egiten zuen kamera aurrean mutilak. 44 saiok etxeko bihurtu zituzten dena grabatzen zuten begi haiek. Kendu zioten hasierako urduritasuna. Eman zioten bere buruarengan behar zuen konfiantza. Ez zuen beldur eszenikorik sentitzen. Eta sinesten zuen bazekiela galderaren erantzuna, nahiz eta galdera oraindik entzun ez.
– Zein da Siberian dagoen Bashkortosango Errepublikako hiriburua?
Mutu gelditu zen mutila. Bashkortosango Errepublika esistitzen al zen bada? Momentu batez broma zela pentsatu zuen, aurkezlearen estrategia bat bera urduri jartzeko, konfiantza galtzeko, zakua ez irabazteko.
– Egin galdera zuzena –eskatu zuen Manexek.
– Hori da galdera zuzena. Zein da Siberian dagoen Bashkortosango Errepublikako hiriburua?
– Bashkortosango Errepublika esistitzen da?
– Hala dirudi – aurkezleak ez zuen aurpegikera aldatu, baina barren-barrenean har bat hazten sentitu zuen, zoriontasunaren tumore bat. Azkar, arrapaladan, metastasi bat bezala zabaltzen bere organoetan zehar.
Mutila isilik gelditu zen. Ez zekien erantzuna. Zoriz ere ez zuen uste asmatuko zuenik. Errusiako hiriak pentsatzen hasi zen. San Petersburgo, Mosku, Vladivostok… Mosku, San Petersburgo, Vladivostok… Vladivostok, Mosku, San Petersburgo… Eta ez zitzaion hiri izen gehiago ezagun egiten. Mosku eta San Petersburgo argi zegoen ez zirela Bashkortosan edo dena delako errepublika zoritxarreko hartako hiriburu, baina Vladivostok ere ez zitzaion erantzun ona iruditzen.
– Deitu dezaket?
– Larri zabiltza, Manex. 44 saiotan ez duzu behin ere deiaren laguntza erabili behar izan.
– Gaur erabili nahi nuke.
– Bai, noski. Erabili dezakezu. Nori deituko diogu? Badakizu minutu bat besterik ez duela izango erantzuteko. Bai al da ba Euskal Herrian zuk baino gehiago dakien inor, hala?
Bai. Ainara. Telebista kateak berarentzako kontrarioak bilatzeko deialdi publikoak egin izan zituenean, beti gurutzatu izan zituen hatzak, Ainara ez zedin aurkeztu. Lehenengo saioan kaleratuko zuen Ainarak, neska bizkor-bizkor hark.
Ainararen mugikorrera deitu zuen aurkezleak. Baina ez zuen inork hartu.
– Aukera bat duzu… Esan izen bat, esatearren bada ere… Oooooo!!! Ze pena! 44 saioren ondoren, 190.000 euroko zakua egin ondoren, guztia galtzea… Zer sentitzen da?
Malko batek ihes egin zion mutilari. Baina duintasunari eusten saiatu zen. Beldur eszenikoa, segurtasun eza, ezjakin sentimendua… guztia etorri zitzaion derrepentean. Ezin zuen deus esan, ez zuen hitz gehiago. 44 saiotan erantzun zituen galderetan joan izan balira bezala esateko zeuzkan hitz guztiak. Eta Bashkortosango Errepublika santu hartako hiriburu puta hark dena izorratu zuen. Aurkezleak, baina, hizketan segitu zuen:
– Jaun-andreok, guk geuk ere espero ez bagenuen ere, bihartik aurrera hemen izango gaituzue berriz, lehiakide berriekin, aukera berriekin, dirua banatzeko gogoz! Etorri eta erakutsi zenbat dakizun! Bihar arte! Eta mila esker Manex, telebistaren historiako kapitulu hau idazteagatik eta gu bidelagun egiteagatik. Esan nahi al duzu zerbait?
– Zein da Bashkortosango Errepublikako hiriburua?
– Ai, bai, barkatu, ustegabearekin erantzuna ematea ere ahaztu zait! Blagoveshchenks da! 215.000 biztanle eskas dituen hiria, Negu benetan hotzak eta uda beroak dituena. Zero azpitik 45 gradutara jaitsi izan da tenperatura eta 39tara igo. Txinako mugatik hurbil dago eta txinatar asko bizi dira bertan. Transiberiarra pasatzen da bertatik. Akaso noizbait bertara joan beharko duzu, Manex. Eta orain bai, bihar arte ikus-entzuleok!
Manex burumakur gelditu zen, plato erdian geldirik. Aurkezlea hurbildu zitzaion eta bizkarrean bi golpe ahul eman zizkion, “animo” esan nahi balio bezala, baina “izorra hadi” esanez. Kamerinora joan zen aurkezlea, makillajea kentzera eta kaleko arropa janztera. Platoko argiak pixkanaka-pixkanaka itzaltzen hasi ziren, eta Manexek hantxe jarraitzen zuen, kieto. Telefono mugikorra atera zuen eta Ainarari mezua bidali zion. “Aspaldiko! Non zabiltza?”. Dei bat egin behar zuen hartan, derrepentean akordatu zen Ainararekin. Institutu garaian gelakide izan eta lehenengo musua eman zion neska hartaz. Gaizki emandako musua izan zen, bientzako lehendabizikoa, ez ziren gai izan euren mingainak akonpasatzeko, uneaz gozatzeko, hortzak elkarren kontra jo ziren eta elkarri sekula musu gehiago ez ematea erabaki zuten, esan gabe, norberak bere baitan, baina elkarrekikoa izan zen. Ainarak, Manexek gaizki musukatzen zuela usteta hartu zuen erabakia, nahiz eta oroitzapen onak gorde momentuaz. Manexek, Ainara neska bizkorra zelako, bizkorregia akaso, eta neska bizkorregiak beti dira arriskutsuak. Baina bazion halako kariño moduko bat…
Luze gabe iritsi zen Ainararen erantzuna, minutu bat baino lehen: “Manex! Hau poza! Siberiako hiri galdu batean, Blagoveshchenksen. Nahi baduzu, bueltakoan kontatuko dizut zertan ibili naizen, kafe batekin. Mx”.
“Nevsky Prospekt”, 2013
Leire Galarza (Oiartzun, 1990): Bartzelonara medikuntza ikastera joandakoan deskubritu zuen artearen mundua eta batez ere, argazkilaritza. Egun, Kanarietan bizi da. Musika, kirolak eta bidaiak argazkitan jasotzen ditu. Brighthunter IV lehiaketan bere lanak aurkeztu ditu (http://www.leiregalarza.com)