1)
– Masturbatu zara inoiz nigan pentsatzen?
-Zure aurpegia zuen mutil batengan pentsatzen bai, baina ez zinen zu. Hark nik nahi nuena egiten zidan, nire plazerean baino ez zuen pentsatzen…
2)
– Ezkonduko bagina, 30 urte barru ez ginateke aspertuta egongo elkarrekin larrua jotzeaz?
-Ziurrenik, bai.
3)
– Bazenekien katolikoek ezkondu aurretik sexu anala egiten badute ez dela horrenbesteko bekatua?
4)
– Erreko dugu zigarro bat?
Klixk.
5)
– Zergatik jotzen duzu larrua begi itxiekin?
– Ez zaitut ikusi nahi.
6)
-Zergatik jotzen duzu larrua begi irekiekin?
– Beldurra diot iluntasunari.
7)
– Esan dizut inoiz maite zaitudala?
– Ez aipatu maitasuna sexua esan nahi duzunean…
8)
– Jarriko zenioke zure semeari nire izena?
– Inoiz.
9)
– Eta zuk?
– Ezta ere. Ez nuke gogoratu nahiko larru jotze hau berari deitzen diodan bakoitzean…
10)
– Asmatu dut itxurak egiten?
– !
11)
– Ez duzu inoiz pentsatu batzutan hobe litzatekeela bakarrik oheratzea?
12)
– Konturatzen zara espermatozoiderik azkarrenaren ondorio garela?
– Azkarrena izan zitekeen abiaduran, baina horrek ez du esan nahi inteligenteena izan zenik.
13)
-Zoriontsu izan zara ohe honetan?
– Ehunka ohe daude ni zoriontsu izateko hiri honetan.
14)
– Nirekin geldituko zara betirako?
– Betirako gehiegi da.
15)
– Inoiz dastatu ditudan bularrik ederrenak dira zureak…
– Lasai, dagoeneko ez didazu “pelota” egin beharrik.
16)
– Zergatik deitu nauzu gaur, hainbeste denbora ondoren?
– Eguraldia horretaraxe zegoelako: ohean sartu eta norbaitekin konpartitzeko.
17)
(Denok dugu hanka sartzeren bat guren hanka artean…)
18)
– Nola esan duzu izena duzula?
19)
– Uste duzu zure lagunak oheratu nahiko duela nirekin?
20
– Nahi nuen, baina ez nuen egin behar.
– ?
Ewa Kuryluk, “Helmutekin”, ” Stuttgarten biluzik” seriekoa, 1978, autoargazkia, artistaren kortesia
Ewa Kuryluk (Krakovia, 1946): Aldizkari kultural baten editore, sortzaile eta zuzendari baten eta idazle eta itzultzaile baten alaba, urtebeterekin Varsoviara joan zen familia eta han hazi zen. Aita Poloniako Kultura ministro izan zen eta Austrian enbaxadore. Artista polifazetikoa da Kuryluk: argazkilaria, margolaria, oihalekin instalazioak egiten aitzindaria, poeta, idazlea, artearen historialaria… Bere lanak Varsovia, Krakovia, Poznan eta Wroclaweko Museo Nazionaletan daude ikusgai.