L/S

Benetan dabil neska hori mutil horrekin?

Horrela hasten dira txutxumutxu gehienak. Inoiz gutxitan iruditzen zaie kanpokoei neska bat mutil baten modukoa. Batzuetan, “zintzoegia” delako neska hori mutil horrentzat. Beste batzuetan, “gaiztoegia” delako neska hori mutil horrentzat. Kontua da, beredikto herrikoiarentzako, besteren bikotekideek beti izan ohi dutela hutsen bat.

Ispilu aurrean dagoen neska horren kasuan ere horrela izan da. Ese (S) ezagutu eta harekin ateratzen hasi zenean, denek bazuten Eseren inguruan zerbait esateko. Koadrilakoek esan zioten neska askorekin ibili zela bere aurretik, eta ez zela fidatzekoa. Amak esan zion ez sinesteko betirako maitasunean. Amonak esan zion ez izateko tuntuna, eta ez zezala itxaron ezkondu arte bekatutan hasteko. Lankideek esan zioten zurrumurruek ziotela drogatan sartua zebilela Ese.

Hainbeste iritzi entzun zituenez, Eseri galdetu zion, ea hari zer esan zioten koadrilakoek, etxekoek, lankideek. Eleri (L) buruz esan zioten moja itxura zuela lagunek; gustura estutzeko ipurmasailak eta iztarrak zeuzkala aitak eta aitonak; zozo xamarra zirudiela lankideek.

 A!

Nori sinetsi behar zion Elek? Egia zen Eseri buruz esan zioten guztia?

Eta Esek? Sinetsi behar zituen Eleri buruz esan zizkiotenak?

Zenbat aldiz pentsatu ote zuen hori ispiluaren aurrean jartzen zenean Elek. Halako moja itxura al zeukan bada? Zozo bat al zen?

Zorionez, ipurmasailak eta iztarrak ez ziren islatzen gorputz erdiko ispiluetan.

Sentsazio bat dut nire barruan

Kontua zen, esan zizkiotenen artean, bat eta erdiri egin ziola kasu Elek. Amonari osoa. Amari, erdia. Erabaki zuen izan zitekeela egia Ele eta Eseren artekoa ez zela betierekoa izango, noizbait bukatuko zela euren arteko maitasuna –edo maitasuna zela uste zuten hori-.

Maitasuna eta desira nahasten zituenez Elek –ez zekien oso ongi maite zuelako desiratzen zuen Ese, edo desiratzen zuelako maite zuen; “bai, ziurrenik bigarrena hurbilago dago egiatik”, pentsatzen zuen ispilu aurrean jartzen zenean-, erabaki zuen gorputzaldiari egingo ziola kasu, eta desiratzen zuenean Eseren gorputza ukitzea ukituko zuela; laztantzea laztanduko zuela; miazkatzea miazkatuko zuela; barruan sentitzea barruan sentituko zuela; azpian izatea, azpian izango zuela; gainean izatea, gainean izango zuela.

Amonak Eserekin larrua jotzeko esan zion, nahi bestetan, metafora bat erabiliz (ez itxaron ezkondu arte). Elek halaxe egin zuen.

Arraroa da, itsaso ekaiztsu bat bezala…

Eta egun batean, gorputz erdiko ispilu aurrean zegoela bere buruari begira –zuzen-zuzen moztu berri zuen flekillo horrekin ez zuen dagoeneko horren moja eta zozo itxurarik-, eskuak sabel gainean jarri zituen. Bularren gainean gero. Pentsatu zuen gehiegitxo ari zela atzeratzen hilekoa aldi hartan. Sumatzen zituela bularrak hilekoaren aurretik bezala, gogortuak, pisutsuak, minberak. Eta sabelaldea ere pisu, obulategiek bere barnean zabaldu nahiko balute bezala, egun batetik bestera bospasei kilo gehiago balitu bezala, denerako astun. Baina ez zen hilero sentitzen zuen sentsazio bera. Ezberdina zen. Arraroa.

Ez dakit zergatik, ez dakit zergatik…

Itsaso ekaiztsuaren sentsazioari erantzun bat bilatzen hasi zen Ele. Zer gertatzen zitzaion? Ultzera bat, aitak bezala? Minbizia, aitonak bezala? Edo… edo… edo… Elek berriz eskuak bularretara eraman zituen, sabelera gero. Ispiluko irudian ikusi zuen mugimendua, poliki, flekillo moztu berriaren azpitik. Edo… edo… edo zalantzati horiei ez zien segida eman nahi Elek, ez zuen esaldia bukatu nahi, baina edo horien atzean zalantza bat zegoen: edo, haurdun ote zegoen?

Horrela izan beharko zuela suposatzen dut…

Baietz zioen termometro malapartatuak. Eleren obulu bat eta Eseren espermatozoide bat elkartu egin zirela txortaldiren batean. Putza.

Larrosa berri bat dut, bere onena dut

Arazo berri bat zuen Elek. Baina arazo batek izan dezakeen onena ere bai. Konpontzeko aukera.

Suposatzen dut betidanik jakin izan dudala egin nezakeela

Ez zen lehenengoa izango abortatzen. Gutxitan hitz egiten zen gaiari buruz Eleren inguruan. Lagunartean, etxean, komunikabideetan. Tabua zen. Baina nahi adina belaunaldi atzera egin zezakeen. Beti egon ziren haurrik ernatu nahi izan ez zuten emakumeak. Eta, nola edo hala, haurrik ez izaten saiatu zirenak. Berak ere egin zezakeen. Baina beldurra sentitzen zuen. Bazekielako arriskuak zituela. Legez kanpoko zerbait egiten duenak, zigorra izan zezakeen. Zigorra izan zitekeen legediaren araberakoa. Baina zigor handiagoak bazeuden. Legez kanpokoa zenez abortatzea Ele haurdun gelditu zen momentu hartan, zigorrik handiena egoera osasuntsu batean abortatzeko aukerarik eza zen (bai, agian arrazoi zuten Eseren lankideek; Ele zozo xamarra zen gauza batzuetarako. Beldurra ematen zioten horrelako gauzek). Baina Elek bazekien egin zezakeela, legez eta osasuntsu. Baldintza bakarra behar zuen horretarako: DIRUA. Har zezakeen hegazkin bat Londonera. Eta itzul zitekeen Ele bakarrik izanez berriz; eta ez Ele gehi Esek ernaldutako obulu bat.

Ezin diot bazterrak nahasteari utzi

Gauetan, ohean etzaten zenean, ezin zuen loak hartu. Nola lortuko dut behar dudan dirua? Horrek kentzen zion loa. Bidaia. Hotela. Klinika. The Damneden kaseteak, behin Londoneraino joan eta gero (baina, tira, hori izango zen merkeena). Nola izan berriz Ele dirua lortzen ez bazuen?

Larrosa sortu berri bat bezala

Madril-London hegazkinean sartu zen. Hiru gauza poltsan zituen begiratzen zuen behin eta berriz. Hegazkineko txartela. Pasaportea. Klinikako helbidea. Stansteden lurreratu eta berriz begiratu zuen poltsa barruan. Han zeuden. Hegazkineko txartela. Pasaportea. Klinikako helbidea. Taxi-gidariari erakutsi zion helbidea. Askotan egin zuen hark aireportutik klinika hartarako bidaia. 90.000 emakume iristen ziren urtero Espainiako estatutik abortatzera. Ele bat gehiago baino ez zen. “Lasai, ez duzu beste munduko deus egingo”, esan nahi zion taxi-gidariak. Baina Elek ez zekien ingelesez kortesiazko hiruzpalau esaldi baino gehiago.

Eguzkia ikusi, eguzkia ikusi dizdiratzen

Ele ongi sentitu zen klinikara sartu zenean. Pasaportea utzi zuen sarreran. Hitzik ulertu ez arren, ulertarazi zioten nora joan behar zuen, non eseri, non itxoin, zer egin gero. “Lasai, zuk hartzen dituzun erabaki guztiak bezala, hau ere erabaki zuzena da” esan zion erizain batek. Ingelesez. Elek ez zekien ingelesez, baina ulertu zuen esan ziona.

Ez hurbildu gehiegi, bestela begiak erreko dizkizu

Emakumeak besterik ez zeuden klinikako itxarongelan. Asko, kezkatu aurpegiz. Asko, bakarrik (bera bezala). Beste batzuk, amarekin. Edo ahizparen batekin. Asko, Eleren hizkuntza berean hizketan. Ulertzen zituen. Haien kezkak, haserreak, minak, beldurrak. Berak orduan ez zekien, baina urtean 90.000 emakume inguru joaten ziren Madril hiriburu zuen toki horretatik Londonera, bere arrazoi berarengatik (orandik hiru urte falta ziren 1983 hartan abortoa nolabait legeztatzeko Espainiako estatuan).

Ez ihes egin horrela

Suposatzen zen triste atera behar zuela Elek klinikatik. Beldurtuta eta triste. Zerbait txarra egin duen norbait balitz bezala. Emakume gisa frakasatu duen persona bat balitz bezala. Emakume baten helburu gorena bete izan ez duen norbait balitz bezala. Umetokian hutsune metafisiko bat balu bezala. Mezu hori jaso zuen orduraino.

Nahi duzunean itzul zaitezke

Eta ez zen horrela. Ele pozik atera zen klinikatik. Indartuta. Osasuntsu sentitzen zen. The Damned taldearen bi binilo eskuetan zituela eseri zen taxian (1980ko The Black Album eta 1982ko Strawberries). Leihotik kanpora begira egin zuen bide guztia. Argiak. Koloreak. Jendea. Bizitza hutsa zen London. Nahi zuenean itzul zitekeela esaten zion hiriak. Itzuliko naiz noizbait, pentsatu zuen Elek.

Ez nuen uste inoiz hau niri gerta zekidakeenik

Alegia, The Damneden biniloak Londonen in situ erostea, pentsatu zuen Elek.

Hain arraro sentitzen naiz, baina horrela behar zuen

Haratagoko indar batek –baldin eta haratagoko indarrak esistitzen baziren- izarrak alineatu zituela zirudien Madril gaineko zeru kutsatuaren gainean, Ele Londondik bueltatzen zenerako. Etxera heldu orduko, Eseren deia jaso zuen –zer moduz Londonen? Primeran, The Damneden bi binilo erosi ditut!- kontatzeko The Damnedek kontzertua emango zuela non eta han bertan, Madrilen, eta nork eta berak, Esek, sarrerak hartu zituela. Elerentzako ere bai.

Ez diot inori opa

Inori ez. Letrak eta kantuak ezagutzen ez dituen kontzertu batera joatea. Horregatik, The Damneden kontzertuaren aurretik Londondik ekarritako bi binilo horiek sutu zituen Elek. Behin eta berriz entzun, behin eta berriz abestu.

Hobe dut abiatu edo beranduegi izango da

Edo kontzertua bukatuko da bestela, pentsatu du Elek ispiluaren aurrean. Komunetik atera aurretik, ezpainak margotu ditu.

 A!

The Damned. New Rose (1976)

l:s marivi ibarrola

 

Emakumea komunean, The Dammeden zain.  Luna Rock-Olako ispiluan apaintzen, Madril 1983  © Marivi Ibarrola

Marivi Ibarrola (Najera, 1956): Fotoerreportari hau Donostian hazi zen. 80. hamarkada hasieran, kultura urbanoa argazkitan bildu zuen, tartean, rock radical vasco mugimendu musikala. Yo disparé en los 80 liburua osatu zuen orduan ateratako 89 argazkirekin. Lo juro por los Ramones erakusketa jarri zuen Donostiako Ernest Lluchen. onostian. Egun, Madrilen bizi da.

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s