Erizainek hirugarren solairutik erorita buruan hartu zuen golpeagatik zela zioten. Haur gaixoa nahasita gelditu zen. Trapuzko panpina zahar bati helduta pasatzen zuen eguna, begirik eta ahorik ez zuen trapuzko panpina zatar bati helduta, eta haren ama bisitan sartzen uzten zutenean –egunean orduerdiz- “aita” deitzen zion.
– Lasai, pixkanaka-pixkanaka etorriko da onera –esaten zioten erizainek
emakumeari, kuraia hartzeko edo. Haurrak golpe ederra hartu zuen hirugarren solairutik erori zenean. Emakumea ez zen gai izan zehatz-mehatz zer gertatu zen kontatzeko: bera sukaldean ari omen zen txokolatezko tarta bat prestatzen (haurrak erruz maite zuen txokolatezko tarta, bisitako orduan amak zati bat ekartzen zionean ikustekoa zen nola jaten zuten biek, kakaoa gozatuz) eta bat-batean, oihu bat entzun omen zuen. Sukaldetik atera zenean, leihoa parez pare irekita eta aulki bat ezkaratzera arrimatuta omen zeuden. Leihotik begiratu eta alaba ikusi omen zuen lurrean, negarrez. Arrapaladan jaitsi zituen eskilarak emakumeak eta haurrarengana histeria atake baten erdian ailegatu omen zen. Haurrak ez zuen soltatzen trapuzko panpina.
Haurrak zioen erorketaren aurretik, trapuzko panpinak bi begi zeuzkala. Botoi gorrien itxura omen zuten trapuzko panpinaren begiek. Baina hirugarren solairutik erorita, itsu gelditu zen. Erizainek ez zuten sinesten haurrak zioena, panpinak ez zuelako begiak beharko zituzkeen tokian sekula deus josirik egon izan zenaren arrastorik, baina nahikoa bazuen bost urte baino ez zituen neskatila hark hirugarren solairutik erorita, burua bendatuta eta trapuzko panpina hari lotuta. Haurraren psikologoek zioten panpinarekiko izugarrizko lotura garatu zuela, erorketaren bizipena konpartitu zutelako. Baina haurrak aita deitzen zion emakumeak zioen aurretik ere ez zuela soltatzen trapuzko panpina hura. Eta haurrak aita deitzen zion emakume hark zioen baietz, alabak arrazoia zuela, leihotik erori aurretik panpinak botoi gorriz egindako begiak zeuzkala.
Hasierako hiru egunetan, haurrak ez zuen tutik esan. Psikiatrek eta pediatrek oraindik shokaren eraginpean zegoela esan zuten, neurologoek garuna kaltetua ez zegoela baieztatu ondoren. Eta hasiko zela hizketan, pixkanaka-pixkanaka. Eta horixe esan zioten erizainek emakumeari, bisitan:
– Lasai, garuna ez du kaltetua. Hasiko da hizketan pixkanaka-pixkanaka.
Emakumeak haurra ez zela sekula oso hiztuna izan esan zien; erizainek bera lasaitu beharrean, berak erizainak lasaitu nahiko balitu bezala.
Egunero galdetzen zioten panpinaren izena erizainek haurrari, ea halako batean hizketan hasten ote zen.
– Ze panpina polita daukazun; nola du izena?
– Halina –erantzun zuen leihotik erori eta laugarren egunean.
“Haurra hasi da hizketan!” zabaldu zen zurrumurrua ospitalean barrena.
Psikologoak, neurologoak eta pediatrak harro esan zuten: “esan genuen hasiko zela. Shokaren eragina pasatu zaio”.
Eta arratsaldeko bisitan, emakumeari alaba hizketan hasi zela kontatu zioten. “Panpinak Halina izena duela esan digu”. “A bai?”. Besterik ez zuen erantzun emakumeak.
Hurrengo egunean, erizainak haurrari gosaria eman eta buruko bendak aldatzera hurbildu zirenean, halaxe galdetu zioten:
-Zer moduz dago Halina?
– Zein da Halina? –galdetu zuen haurrak.
– Zure panpina… -kezkaz erantzun zioten erizainek; amnesia goiztiarren bat izango ote zuen haurrak?
– Ez da Halina. Gregorz da.
– Baina panpina neskatila bat da, zu bezala, ile luzea du –ausartu zen esatera erizain bat, ahal zuen irribarrerik eztiena ahoan, baina kezka ezin disimulaturik.
– Gregorz da –baieztatu zuen haurrak, ziurtasun osoz.
Haurrak gauza “estrainoak” egiten zituela hasi ziren ahopeka xuxurlatzen erizainak. Amari “aita” deitzen zion. Panpinari izena aldatzen zion nahieran. Maiz mutil izenez deitzen zion (nahiz eta argi zegoen neskatila bat zela, begirik eta ahorik ez bazuen ere). Eta batzuetan bera mutikoa zela ere esaten zuen, bere buruari buruz maskulinoan hitz egiten zuen. Batzuetan arrosaz margotzen zituen marrazki denak; beste batzuetan arrosa gorroto zuela esaten zuen. Baina harrigarriena zen –hori zioten bederen erizainek- egunero bisitan joaten zitzaion emakume hark kasu egiten ziola “aita” deitzen zionean. Ez ziola zuzentzen panpinari Gregorz edo Peter edo Konrad deitzen zionean. Berdin zitzaiola haurrak bere buruari buruz, panpinari buruz edo amari buruz ere maskulinoan hitz egiten zuenean. Ez zion esaten sekula “ez, zu neskatxa bat zara eta femeninoan hitz egin behar duzu!”. Eta akabua izan zen amak haurra “agur seme” esanaz agurtu zuenekoa –erizain batek bere belarriekin propio aditua!!
Erizainek, noski, euren lana oso aintzat hartu eta haurraz arduratzen zen pediatrarengana jo zuten, gertatzen zena kontatzeko. “Nahikoa ez haur gaizoak hirugarren solairutik erori eta buruan golpetzarra hartzearekin, eta orain amak erotu egingo du! Mutikoa dela sinestarazi nahi dio!”.
Pediatrak lasai egoteko esan zien. Gaizki ulertu izango zuela erizainak, ez ziola “seme” deitu emakumeak, agian antzeko beste hitzen bat edo… Noski, bere belarriekin entzun zuen erizaina segituan asaldatu zen: “Seme esan dio! Argi eta garbi! Nik entzun dut!”. Eta gainerako erizainak haren alde jarri ziren, euren profesionaltasuna zalantzan jartzen ari ote zen bada pediatra txatxu hura? Egunean behin bost minutuko bisita egin haurrari ingresatuta zeuden 65 haurrak hartzen zituen logela handi hartan eta dena zekiela uste zuen. Baina eurak, erizainak, ziren logela handi hartan umez inguraturik korridorean gora eta behera, ohez ohe orduak eta orduak ematen zituztenak.
Pediatrak kasurik egin ez zienez, psikiatrarengana jo zuten, hark kasu gehiago egingo zielakoan. Eta hala izan zen. Biharamunean haurraren bisitan joaten zen emakumearekin hitz egingo zuela zin egin zien. Erizainek euretako bat ere bilera hartan egotea nahi zutela adierazi zuten –ez ziren asko fio haurren ospitale hartako medikuez- eta psikiatrak arazorik ez zela egongo erantzun zien. Aukeratzeko bat euren ordezkari. Hannah aukeratu zuten. Haurrari “seme” deitzen entzun zuen hura.
Biharamunean ama haurra bisitatzera heldu zen, txokolatezko tarta zati eta guzti. Hannah hantxe zegoen, haurraren ohetik nahiko gertu, emakumea noiz agertuko zain. “Bisita bukatutakoan, psikiatrarenera igotzeko eskatu nahi dizute medikuek”. “Ados” erantzun zuen emakumeak eta txokolatezko tarta zati bat luzatu zion haurrari. Hark irrikaz begiratu zuen gozoki iluna lehendabizi eta gero, mokadu bakoitza dastatzeko begiak itxita jan zuen. Poliki. Emakumeak modu berean jan zuen bere zatia.
– Maria, esan agur amatxori. Esan Halina ongi zainduko duzula –esan zion
Hannahk haurrari, orduerdiko bisita bukatu zenean.
– Ez da Halina. Konrad da. Agur, aita –emakumeak muxu eman zion ezpainetan haurrari. Pa.
Psikiatrarenera igo ziren Hannah eta emakumea.
– Arratsalde on, Beila anderea. Zure alaba ari da osatzen. Pixkanaka, baina ongi. Hobeto da poliki baina ongi sendatzea eta ez presaka eta gero beti erdi-gaixo izatea.
– Eskerrik asko.
Erizainaren begirada sentitu zuen berarengan psikiatrak. Zezena adarretatik heltzeko eskatzen zion. Harira. Baina ez zekien nola hasi…
– Begira, Beila anderea. Kezkatu xamar gaude… Mariak ez ditu generoak bereizten. Hasiera batean, golpearen eragina izan zitekeelakoan geunden. Baina antza denez, garuna ez zaio kaltetu –neurologoek hala esan zuten eta guk baieztatu dezakegu-, eta kontziente da zein den arra eta zein emea. Ikerlarien arabera, haurrak oso goiz dira generoak bereizteko gai. Eta, dirudienez, Maria ez da. Bere panpina batzuetan neskatila dela esaten du, beste batzuetan mutikoa… Emakumezkoei maskulinoan hitz egiten die, gizasemeei femeninoan… Eta zuri ere “aita” deitzen dizu… Eta…
Hannahk haren ahotik entzun nahi zuen “zuk seme deitzen diozu”, baina psikiatrari ez zitzaion ahora heltzen lau hitzeko esaldia.
– Eta zuk “seme” deitzen diozu… – bukatu zuen esaldia Hannahk.
Emakumeak ez zirudien asaldatua. Neutroa zen bere jarrera. Generorik gabea bezala. Ez maskulino, ez femenino. Berriz hartu zuen hitza psikiatrak, Hannahren interbentzioaren ostean.
– Uste dugu zu izanik Mariak duen erreferentzia nagusia, asko lagun dezakezula haurrak generoa eta identitatea zehazteko dituen zailtasunak gainditzen. Haur baten osasun mentalarentzako mesedegarria da generoa ongi definitua izatea. Bestela nahasmenak sortzen zaizkie, zalantzak, beldurrak eta gizarteratzeko arazoak ere bai. Burlak –denok dakigu haurrak oso krudelak direla-, apartatua sentitzea… Eta inork ez du nahi hori bere seme-alabentzat, ezta, Beila anderea?
Beila anderea isilik gelditu zen. Ez zen haren aurpegian gihar bakar bat mugitu. Begiek ere ez zuten klixkarik egin. Eskuak lehen zituen tokian zeuzkan. Ez zen urduritasunik igertzen –nahiz eta hura errieta antzeko bat izan, azken finean, alaba gaizki hezten ari zela esan zioten psikiatrak eta Hannah erizainak-.
– Niri berdin zait –esan zuen azkenean.
Psikiatra eta Hannah erizainak elkarri begiratu zioten.
– Zer zaizu berdin? –galdetu zion Hannahk.
– Berdin zait alabak niri “aita” deitzea. Arrain bat dugu etxean. Ez dakigu arra den edo emea. Eta Patricia du izena. Inor ez da asaldatzen arrain batek Patricia izena duelako. Eta, akaso, arra da. Eta guk emakume izenez deitzen diogu.
– Baina arrain bat da… Eta gu haur bati buruz ari gara… -esan zion Hannahk.
– Berdin zait. Maria nik hazi eta hezi behar dut. Ez didazue zuek esango femeninoan hitz egin behar didan edo ez. Jaioberria zela, ni nola izendatzea nahi nuen pentsatu nuen. Pentsatu nuen izenez dei ziezadakeela; Beila. Nik berari Maria deitzen diodan moduan. Baina erabaki nuen aita ere dei ziezadakeela. Edo ama. Berak nahi duen bezala. Azken finean, nik betetzen ditut berarentzako amaren, aitaren eta Beilaren paperak. Berdin zait ez badie mutikoei maskulinoan hitz egiten eta neskatilei femeninoan. Seinale guztiak berdin ikusten dituela. Propio jarri nion Maria izena, emakume eta gizonek eraman dezaketelako.
Psikiatra eta Hannah hitzik gabe gelditu ziren hain ziur, hain lasai, hain neurritsu hitz egiten zuen emakume haren aurrean. Berriz hizketan hastera zihoan Beila.
– Azken gauza bat: emango diozue alta Mariari ospitale honetan nire haurra erotu aurretik?
– Baina haurra ez dago ongi… Orain alta ematen badiogu ez da sendatuko, eta bizitza osorako kalteak izan ditzake. Zer nahi duzu, balkoitik erorita golpe txar bat hartu duen eri bat izatea betirako? –galdetu zion psikiatrak.
– Erortzen ikasten da oinez… Behin eta berriz eroriko den haur baten ama izan nahi dut, ez besterik.
Lotte Jacobi (Thorn, 1896-New Hampshire, 1990): Argazkilari familia bateko laugarren belaunaldia izan zen. Aitonak eta aitak argazkilaritza-estudioak izan zituzten. Artearekiko lotura ume-umetatik izan zuen: argazkilaritza, dantza eta antzerkiarekin. Berlinen ikasle (eta ama ezkongabe) zela, argazkilaritza modenoaren teknikak ezagutu zituen. Dantza eta antzerki mundua erretratatu zituen sarri. Berlin, New York eta New Hampshire artean bizi izan zen. Thorn gaur egun Polonia bada ere, argazkilari alemaniar kontsideratua dago Lotte Jacobi.