1974ko uda, Varsovia
Epa Andrzej,
Hitzez gauzak kontatzen erakutsi ez zigutenez, idatziz egitea pentsatu dut. Haurtzaindegira joan ginenean, jolasak jarri zizkiguten gure esku, beste haurrekin taldean ibiltzen erakutsi ziguten. Eta guk jolastu egin genuen. Jolastea antzerkia dela erakutsi ziguten. Zu izango zara aita, eta ni ama, eta haiek seme-alabak. Baina jolas horrek ez du esan nahi nik ezin dudanik izan aita, eta zuk ama, edo seme, edo alaba. Edo etxeko txakurra. Baina ez ziguten erakutsi jolasetan nahi genuena esaten. Zeren ni banintzen ama eta zu aita, ez zuen esan nahi egitan nik zu nire seme-alaben aita izatea nahi nuenik.
1. mailara iritsi ginenean, idazten erakusten hasi ziguten. Eta 1. mailatik aurrera, idatzi-idatzi-idatzi; irakurri-irakurri-irakurri esan ziguten. Eta guk idatzi-idatzi-idatzi egin genuen (agintzen zizkiguten idazlanak) eta irakurri-irakurri-irakurri egin genuen (Henryk Sienkiewiczen trilogía bezalakoak etabar).
Ez genuen besterik egin unibertsitatera joateko garaia iritsi zen arte. Idazlanak idatzi; liburuak irakurri. Gurasoak tematu ziren piano eskola batzuk har genitzan ere. Eta Urszula saiatu zen bere etxeko egongelan nota batzuk ikas genitzan. Eta ikasi genituen eskala batzuk, hiruzpalau partitura erraz jotzen. Eta noizbehinka, familiako bazkarietan pianoa –gaizki xamar- jotzen genuen, gurasoen pozerako; gainerakoen horrorerako.
Eta unibertsitatean, Arte Ederren fakultate hartan egindako idazlan guztiak. Ia beti irakasleen zorion oharrekin, Ewa, zoragarri idazten duzu… Idatzi. Idatzi bai, primeran. Zoragarri. Baina zertarako balio du zoragarri idazteak gero norekin hitz egin, idatzitakoa nori esan, ez baduzu? Edo izan, akaso bai, baduzu, baina aurrekoak ez badu ulertuko esan nahi duzuna? Literatura fikzioa dela erakutsi baitziguten 0. mailatik. Eta bestela, autobiografia. Eta autobiografiak zahartzen zarenean idazten dira. Ez unibertsitatean zaudenean.
Etxean ere ez ziguten hitz egiten erakutsi. Ez ziguten esan hitzez konpontzen direla arimak. Hitzez moldatzen direla pertsonak. Hitzez hurbiltzen direla bihotzak. Amak esan zidan: itxoin. Itxoin. Itxoin. Eta itxaron genuen. Baina zenbat itxaron behar da? Zeini itxaron behar da? Zer itxaron behar da? Zertarako itxaron behar da? Amak hori sekula ez zuen zehaztu. (Uste dut amak esan nahi zidala: itxoin. Iritsiko da printze urdina. Baina ez zen iritsi. Ez dagoelako printzerik, akaso? Errepublika komunista batean bizi gara! Usted ut amak esan nahi zidala: ez baduzu itxoin, gizaseme denek pentsatuko dute neska erraz horietako bat zarela. Emagaldu bat, alegia. Baina eta neska zailegia bihurtzen banintzen itxarotearen itxarotez?)
Esan zigun amak keinuak “hitzak” zirela. Eta besteen keinuetan jakingo genuela nork maite gintuen. Baina keinuak nahi bezala interpretatu daitezke. Eta amak ez ziguten hieroglifikoak askatzen erakutsi.
Halako batean, oinez zoazela paretik heldu den gizaseme batek besoak zabaltzen ditu, bidea itxi nahiko balizu bezala, eta zuk ez diozu graziarik harrapatzen inork –are gutxiago ezezagun batek- bidea ixteari, eta esan nahi dizuna omen da “etorri nire besoetara” eta zuk izkin egiten diozu –listua ez botatzearren.
Esan zigun amak begiradak ere “hitzak” zirela. Baina begiradak gurutzatu egiten dira. Ez dira gelditzen. Eta ez dute ahoskatzen. Eta begiradak ezin dira irakurri. Pasa egiten dira. Joan. Etorri. Baina ez gelditu.
Eta halako batean norbaiten begirada behar baino luzeago pausatzen bada eguzkia dasta dezaten bistara atera dituzun zure hanketan, esan nahi dizuna da “eguzki izan nahi nuke hanka horiek laztantzeko”, baina zuk ulertzen duzun gauza bakarra da deseroso sentitzen zarela. Zergatik ez ote dituzu galtza luzeak jantzi, kontxo!
Ez ziguten hitz egiten erakutsi, ez eskolan, ez unibertsitatean, ez etxean. Ez ziguten erakutsi esaten, pentsatzen, sentitzen dugunaren artean dagoen desberdintasuna berdintzen. Hamazazpi modu ditugu zenbaki bat esateko, eta bakar bat ere ez egiak aurpegira esateko.
Eta halako batean norbaitek esaten dizu “ze begi politak dituzun”, esan nahi
dizuna denean “gustuko zaitut”. Eta zuk, begi politak dituzula entzunda asmatu behar zenuke parean duzunak gustuko zaitula… eta ez ziguten hori dezifratzen irakatsi.
Eta halako batean norbaitek esaten dizu “erreko dugu zigarro bat?”, esan nahi dizuna denean “ez dut bakarrik egon nahi”. Eta zuk zigarroaren eskaintza onartzen duzu, zigarroa erretzen duzu eta berriz taberna barruan gelditu diren lagunengana bueltatzen zara, ulertu gabe zigarroa erretzeko gonbita egin dizuna eta zu, biok, bakarrik egoteko gonbita zela, zigarroa aitzakia merke bat baino ez zela.
Eta halako batean norbaiti esaten diozu “amak ikusiko banindu…”, esan nahi diozunean “gustura nago hau egiten”. Baina ez du ulertzen. Eta musu emateari uzten dio, galtzetako kremailera ixten du, eskua ateratzen du zure hankartetik eta zure amak arrazoi duela esaten dizu, kalea ez dela lizunkeriatarako toki aproposa. Baina berak ez duela etxerik, logelarik, zurekin joan ahal izateko. Eta zuk jarraitzeko esan nahi zenioke, bero-bero zaudela… Baina isildu egiten zara.
Eta halako batean norbaiti esaten diozu “ezin dut”, esan nahi diozunean “nahi dut”. Eta ulerbera izaten saiatzen da. Ulertzen zaituela esaten dizu. Bizitza horrelakoa dela. Zer egingo diogu ba, esaten dizu. Eta zuk esan nahi diozu: ei, kaiku hori, baina ekin diezaiogun sexuari! Baina ez duzu esaten.
Hauxe izan da, beraz, hitzez esan nahi eta idatziz jarri dizudana. Hitzez esateko kapaz izan ez, baina idazteko gai izan naizena.
Jasoko duzu gutuna zure izen-abizenak idatziak ez dituen buzoi batean, soilik zure apartamentuaren zenbakiak identifikatuko duen buzoi batean. Postariak edozein txirrin joko du, ez duelako jakingo zein den zurea. Zergatik ez ditugu jartzen gure izen-abizenak gure etxeetako buzoietan eta txirrinetan? Zenbakien atzean ezabatzen ditugu hitz egiteko aukerak…
Ez dut nahi zure gutun bat jaso erantzun gisa. Erantzun behar badidazu, jarri hitzordu bat, eta hitz egin dezagun. Behingoz, ahaztu dezagun idazten… Eta ikas dezagun hitz egiten…
Ewa.
Pd: Barkatu gutun hau igande dekadente batean idazten hasi izana. Baina udazkenekoak diruditen udako egunek –lainotuak, grisak, iparraldeko haizedunak, amaren etxeko egongelan- hitz egiteko gogoa pizten didate…
