Sardiña freeeeeeskuek. Sardiña freeeeeskuek… Sardiña freeeeskuek… Ozen oihu egiten duten emakume artean dabil arrain azoka kasik inprobisatu hartan emakume bat. Tokiz kanpo dago, bere arropa dotoreegiekin, Bilboko jostunik onenak fin josiak. Kortsea gerrian ederki estutua darama, lau seme-alaba erditu arren oraindik ere gerri fina duela erakusteko.
Azokan sardiña freeeeeskuek oihu egiten duten emakumeek gerria ez dute hainbeste estutzen. Amantalaren zintak bira bat, gutxi batzuei bi, ematen dizkie. Baina ez dizkie barrenak estutzen, kasik arnasa hartzea galarazteko moduan.
Eulalia ez da arrain fresko bila joan Bilbo inguruko arrantzaleen emazteek senarrek itsasoari ebatsitakoa saltzen duten azoka hartara. Kalearen erdian, bata bestearen ondoan, konpetentziari konpetentzia gehituz, jartzen dituzte lurrean saskiak, kentzen dizkiete estalkiak eta sardinarik ederrenak beti norberarenak direla zin egiten dute. Begoñako Ama Birjinaren izenean. Edo behar denaren izenean.
Eulaliak ez du azokara bere arropa eder ongi josiak arrain usainez zikintzera joan beharrik. Horretarako dauka soldatapean Catalina: Merkatuetara joateko Eulaliaren etxeko mahaiko oturuntzak erostera.
Eulalia ez da bakarrik joan azoka hartara. Ez da beldur Bilbo inguruko arrantzaleen emazteez. Badaki ez diotela inbidiarik. Badaki ez dizkiotela bere arropa ederrak apurtuko. Badaki ez diotela ezer lapurtuko. Baina Pedrok laguntzen dio. Gidaria ez ezik, pisu astunak garraiatzen dituena da Eulaliaren etxean. Eulalia hara eta hona eramateko; Eulaliak ez bizkarra hondatzeko.
Pedrok Eulaliaren argazki-makina eta hankak daramatza bizkar gainean. Eulaliaren atzetik dabil azokan, batera eta bestera. Tarteka, arrantzaleren baten emaztea agurtzen du. Batzuk ezagutzen ditu. Ez azokatik. Baizik eta herritik. Haietako batzuen senarrekin behin baino gehiagotan mozkortu da Pedro. Haietako batzuen senarrekin oraindik ere behin baino gehiagotan mozkortuko da Pedro.
Bigarren arrazoi batengatik ere eraman du Eulaliak Pedro berarekin arrain azoka hartara. Eulaliak ez daki euskaraz. Eta Pedrok bai. Eta arrain-saltzen ari diren emakume haietako gehienek hitz justuak baino ez dakizkite erdaraz. Izan ere, erdaraz asko daki Eulaliak. Badaki gazteleraz. Badaki ingelesez. Badaki frantsesez. Baina ez daki euskaraz. Eta arrain-azoka hartara eraman duen motiboak euskaraz hitz egitea exijitzen dio Eulaliari.
“Señora, gura dosus sardiña freskuek?” galdetzen diote arrantzaleen emazteek euren paretik pasatzen denean oinetan dituzten arrainez betetako saskiak seinalatuz. Eulaliak ez die jaramonik egiten. Ez die erantzuten ezta saskietara begiratzen ere. “Esker txarreko dirudunek…” marmar egiten dute Eulaliaren soineko luzearen bizkarrean. Badakite ez diela ulertuko. Bilboko emakume aberats batek eta Bilbo inguruko herrietako arrantzaleen emazte pobreek ezin dute hizkuntza berean hitz egin.
“Aurreko astean inguru honetan zegoen, Pedro”. Esan dio, gazteleraz, bere soldatapekoari. “Auskalo, señora. Lehenengo iristen denak toki onena hartzen du, gehien saltzen den tokia. Ez dira egunero toki berean jartzen”, erantzun dio, umil.
Eulaliak aurreko astean azokan zegoen emakume arrantzale hura topatu nahi du. Pedrok ez daki zergatik hura eta ez beste bat. Guztien generoa nahiko antzekoa izan ohi da eta. Bermeoko sardinak edo Santurtzikoak ez dira horren ezberdinak behin erre ondoren.
“Pedro, galdetu ezagutzen duzun emakumeren bati ea non dagoen arrainketari hori…”. “Baina ba al daki berorrek haren izena, edo hari buruz zerbait…?”, galdetu dio lotsagabeegi izateko beldurrez soldatapekoak. “Ez, baina emakume hauek denen berri izango dute, ezta?”. Pedro agurtu du arrantzale baten emazte alargunak. Duela lau hilabete inguru ito zitzaion senarra itsasoan. Olatuek ekarri zuten itsasertzera igande goiz batez haren gorpua. Orain koinatuak arrantzatu eta koinatak saltzen dituenaren soberakinak eramaten ditu azokara. Emakume hark ez du sekula “sardiña freeeeeskuek” oihu egiten, berak saltzen dituenak ez direlako freskuek. “Galdeiozu berari”, agindu dio Eulaliak. Pedrok ez daki nola galdetu ea badakien non dagoen aurreko astean han inguruan sardina freskoak saltzen ari zen emakume bat. Azoka hartan dagoen edozein emakume izan baitaiteke. Denek daramate zapia buruan. Gona luzea erremangatua. Eta amantala. Denak daude hankutsik. Denek dute saski bat oinetan, arrainez betea. Eta aurreko astean ere denek itxura bera zuten.
“Gure señorie andra bat topeu gurien dabil. Dinoanez, lehengo astien hamendik ebillen, sardiña freskuek saltzen… Jakin zeinkezu nortaz dabilen?”. “Ni neu ez, beste edonor”, erantzun dio alargunak, erdi-barrez.
“Señora, eta berari aterako bazenizkio argazkiak? Ongi etorriko litzaizkioke sos batzuk…”, ausartu da Pedro. Baina ezetz esan dio Eulaliak. Beste emakume hura topatu behar duela. Hari atera nahi dizkiola argazkiak.
Eulalia –eta haren atzetik Pedro- pasatzen direnean euren aurretik, arrainketari guztiek “sardiña freeeeskuek” oihu egiten dute, “etorri eta erosi, ez jatzu damutuko!” esanaz bezala. Eulaliak aurpegira begiratzen die emakumeei, banan-banan, baina ez da inoren aurrean gelditzen. Bitartean, Pedrok atzetik jarraitzen dio argazki-makina eta hura kokatzeko hankak bizkarrean hartuta. Astunak dira gero. Eta halako batean, “sardiña freeeeskuek” oihuaren gainetik beste oihu bat gailendu da, hizkuntza arrotzez azoka hartan: “Hor dago!” esan dute Eulaliaren ahots kordek, gazteleraz. Pedrok hasperen egin du. Utzi ditzake hankak eta argazki-makina bertan.
“Pedro, esaiozu argazki bat atera nahi diodala”. Pedro hurbildu egin da arrainketariarengana. Elkar ezagutuko balute bezala agurtu dute elkar. “Baietz esan du”, esan dio Pedrok señorari, tarte motx baten ondoren. “Esaiozu ez mugitzeko dagoen tokitik. Nik esango diodala nora begiratu behar duen. Berak jarrai dezala orain arte egiten ari zena egiten”. Itzultzaile lanak egin ditu Pedrok. Emakumeak eskuan dituen sardinak erakusten dizkie ingurura datozenei, baina Eulaliaren argazki-makinaren hankek bezeroak uxatzen dizkiote. Hala ere, ez dio deus esan ez Pedrori ez Eulaliari. Lehenbailehen ditxosozko argazkia atera eta joan daitezela nahi du.
“Badaki zer den argazki bat?”, galdetu dio Eulaliak Pedrori. “Bai”, erantzun dio honek, galdera arrainketariari itzuli gabe. “Galdeiozu bere bizitzaz… Jakin nahi dut zergatik dagoen hemen…”, esan dio Eulaliak Pedrori. “Hemen dago etxean denak direlako arrantzale eta arrainketari”, erantzun dio Pedrok, itzultzaile lanetan denborarik galdu gabe. “Eta zuk nola dakizu hori?”, ozpin doinuz galdetu du Eulaliak. “Hemengo guztiek dutelako bizimodu berdina”.
“Esaiozu mobiduteko. Klientiek bildurtuten deustaz” esan dio arrainketariak Pedrori. Honek nahi duena itzuli du: “Zenbat denbora behar izaten du berorrek argazkiak ateratzeko, señora?”.
Eulaliak ez dio erantzun. Argazki kameraren atzean jarri da, eta zulotik begiratu du. Zoragarria izango da emakume hori errebelatuta. Emakumearen izena galdetzeko eskatu dio Pedrori. “Antonia”, erantzun dio supituan Pedrok, emakumeari deus galdetu gabe. Eulalia bere bizimodua kontatzen hasi zaio Antoniari. Pedrok itzultzaile lanak egin ditu. Nola jaio zen Bilbon, baina gaztetan Birminghamera joan zela bizitzera. Han ikasi zuela bridgean jokatzen. Baina ezkontzean atzera Bilbora bueltatu zela. Faltan sumatzen zuela Ingalaterra, eta horregatik senarrak Begoñako elizatik gertu etxe ingelesen arkitekturako etxe bat eraiki ziola. Lau seme-alabaren ama zela, eta argazkilaritza gustatzen zitzaiola. Argazkiak ateratzen zituenean sentitzen zela benetan bizirik. Eta zorioneko, Jainkoari eskerrak ematen zizkion egunero, Bilboko familia aberats batean sortu zuelako, bestela ezingo baitzuen argazkilari izan.
“Eta zu, Antonia?”, galdetu dio Eulaliak. Gutxitan erabiltzen du hizkuntza hura. Gauza gutxi oroitzen ditu umetan aditutako euskara hartatik. Baina memoria ariketa egin du, arrainketari harengana hurbiltzeko modu bakarra delako.
“Konteu zeuk”, esan dio Pedrori arrainketariak. “Nik bezin ondo dakizu”. Pedro kontatzen hastera doa, baina Eulaliak isilarazi egin du. “Ez, bere ahotik entzun nahi dut, bere ahotsarekin. Esaiozu gero saskiko sardina guztiak erosiko dizkiodala”.
Eguneko salmenta hitz gutxi batzuen truke egin dezakeela aditu duenean, ekin dio Antxonik. Antonia inork gutxik deitzen baitio arrainketari horri.
“Andra larreiko etxe baten jaio nintzan. Andra larregi, eta alargunak, ganera. Amona alarguna zan, eta ama be bai. Ez naz aitez akordetan. Itsosuek eroan eban egun baten. Aurretik aitite eroan eban modu berien. Eta beste gizon asko eroan ebazan moduen, aurretik eta baitte ostien be. Ni ume moko bat baiño ez nintzan. Eta nebie, bi urte zaharragoa. Ha be ez da akordetan aitez. Eskolan ibilten ginen bixok, nebie ta ni. Baina aita hil zanean, alargun larregi zegozan etxe horretan sos barik geldittu ginen, eta amak erabagi egin behar izan eban: nebie ala ni bidali eskolara. Amumak nebie bidalteko esan eban. Seme eskolatu batek beti edukiko zebazela aukera gehixau alaba eskolatu batek baiño. Seme eskolatu batek akaso ofizixo bat ikasiko ebala nonoiz, eta dirue sartuko zala barriro be etxean. Alaba eskolatu batek, baiña, zertarako balixoko eban? Ezertarako bez. Nik eskolarako gogo gehixago neukon nebiek baiño, eta txarto egongo da hau holan kontetie, baina nebie baiño askoz be bizkorragoa nintzan. Nik laguntzen neutson eskolako lanakaz, eskolara joan barik be bai. Trukien, neska gaztea bihurtu nintzanean, beragaz eta bere lagunekaz eroaten eustan edozein lekutara. Beste neskatilak joaten ez ziran lekuetara joateko aukerie emon eustan nebeak. Halako baten, nebearen lagun bat ezagutu neban, eta enamorau egin ginen bata besteagaz. Atsegine zan mutille. Ganera, ez zan itsosoko zeregiñetan ibilten, eta niri hori gustetan jaten. Ez eban itsosoak eroango inora. Laguntzen eustan hara eta hona. Eta, batzutan, autoz ekarten eustan merkature, arraiñek saltzen. Gure etxeko gizonak beti izan diraz arrantzaliek. Eta emakumiek, barriz, arrainketarixek, gizonak arrantzatunikoa saltzen ebenak. Ni neu be eskolie itxi orduko hasi nintzen arrain saltzen hamen. Gustetan jaten nebearen lagun hori, zantarra izetiez gain, errazten ebalako nire bizimodue. Baiña amumak jakin ebanien Bilboko familia aberatsentzako lan egiten ebala, automobillek konduziduten, esan eustan: “Horregaz mutil horregaz ez zaittez ezkondu, Antxoni. Aberatsak serbiduten dabezan pobrie baiño geuza txarragorik ez dago mundu honetan”. Nik galdetu neutson ea hobeto izango zan itsosoak jango eban senar bat hartzie, eta amumak erantzun eustan baietz, “gitxienez itsosoa gu bezin pobrie da”. Eta, halan, amumari kasu egin eta mutille ikustieri itxi neutson. Ezkondu nintzan arrantzale bategaz. Mutil majoa bera. Ez beste mutille bezin guapoa, baiña tire… Segidu neban arrain saltzen hamen, egunero-egunero. Eroan eban egun batez itsosoak senarra, eta orain nebiek arrantzatzen dabezan sardiñak saltzen etorten naz. Eta holan izengo da nebie be itsosoak eroan arte. Ordurako espero dot semiek haziko dirazela, eta harek arrantzaten dabena saltzen jarraittuko dodala. Hiltzen nazen arte. Aspaldi itxi neutson Jaingoikoari eskerrak emoteari. Zertarako?”.
Eulaliak arretaz entzun zuen Pedrok itzultzen zuena. Hitz solte batzuk ulertu zituen, “ama”, “aita”, “nebea”, “amuma” eta horrelako batzuk. Tristea zen parean zuen emakumeak kontatzen ziona. Baina emakumeak ez zuen aurpegikera aldatzen ere. Sardina freskoen prezioa esango lukeen tonu berean kontatu zion bere bizimodua argazki-makinari.
Antxonik bere bizimodua kontatzen bukatu zuenean, argazki-makinaren hankak bildu, arrainketariak salgai zituen arrainak hartu eta kotxera bueltatu ziren Eulalia eta Pedro. Pedro triste sumatu zuen autoaren aurreko aldean eseri zenean.
“Zer duzu, Pedro?”, galdetu zion Eulaliak soldatapekoari. “Ni naiz aberatsentzat lan egiten zuen pobre hura…”.
Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853- 1943): Euskal Herriko lehenengo emakumezko argazkilaria izatea da bere ohorea. XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako bizimodua jaso zuen argazkitan, maiz emakumezkoek egiten zituzten lanak (sardinerak, garbitzaileak, esneketariak, baserritarrak). Bilboko familia burges batean jaioa, Liverpoolen bizi izan zen zenbait urtez. Emazte eta ama, argazkilaritzarekin errealizazio pertsonala bilatu zuen. Argazkilari amateurra, berak ateratako 2.500 argazki baino gehiago daude Bilboko Euskal Museoan.